Mugak 2023: Itsasadarra hirigune metropolitarra berreraikitzeko, birbizitzeko eta birpentsatzeko ardatz estrategiko gisa
‘Itsasadarra hirigune metropolitarra berreraikitzeko, birbizitzeko eta birpentsatzeko ardatz estrategiko gisa’ proiektua, Bilbao Metropoli-30ek aurkeztua, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalerako hautatu da. Laugarren atal hau 2023ko urrian eta azaroan egingo da, ‘berreraiki, berpiztu, berrasmatu’ leloa baliatuz, hausnarketa planteatzen du gaur egungo premia- eta larrialdi-testuingurutik.
Proiektuak, Bilbao Metropoli-30ek koordinatua, tokiko hainbat eragile eta erakunderen proposamenak biltzen ditu; besteak beste, Bilboko Portuko Agintaritza, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa, Bilbao Exhibition Centre, Itsasmuseum, IED Kunsthal Bilbao, ZAWP eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritza, eta horretarako Bilboko eremu ikoniko hori birgaitzeko hainbat jarduera egingo dira. Bilbao Metropoli-30ek itsasadarra proposatu du proiektuaren ardatz egituratzaile gisa, gure metropoliaren etorkizunerako estrategikoa delako.
Ekimenen artean, lau erakusketa eta ikus-entzunezko lan eskainiko dira: ZAWPren ‘Katebegi/link/Eslabón’ argazki-erakusketa, Bilbao Exhibition Centren (BEC); ‘Oteiza Bilbon. 1994. Hiri mugiezina. Zorrozaurre uhartearen antolamendua’, Santos Bregaña eta Emilio Varela komisarioen eskutik, EHAEOren Bizkaiko ordezkaritzan; AmiArteren ‘Bilbo hiri poema’, Bego Intxaustegi artistaren tutoretzapean, non hainbat herrialdetako arte bisualen hogei sortzailek parte hartuko duten; eta ‘Piel de luz’, Itsasmuseumean.
Bienalari buruzko hausnarketa partekatuko eta parte hartzeko jarduerak ere izango dira, besteak beste: IED Kunsthal-ek antolatutako ‘Egitura osagarriak itsasadarrean zehar berreraikitzea’ tailerra; kanpoaldean horma-irudi gisa margotutako edukiontzi higigarriak sortzea, AmiArtek Itsasmuseumean garatuko duena eta, ondoren, metropoli-areako zenbait puntutan ikusgai egongo dena; eta, horrez gain, itsasadarrari buruzko ibilbide birtual bat egingo da, ikus-entzunezko baten bidez, Caminos Euskadi eta Bilboko Portuko Agintaritzaren eskutik, haren iragana eta oraina azaltzeko eta etorkizuna irudikatzeko.
Azkenik, askotariko metropoli-espazioak eskainiko ditu, itsasadarraren inguruan norabide anitzeko mugimenduak sortzen lagunduko dutenak ardatz estrategiko gisa.