Helburuak

Estatutuetan jasotzen den bezala, “Bilbao Metropoli-30” elkartearen helburua Bilbao Metropolitarra biziberritzeko plangintza, sustapen eta azterketa arloko ekintzak egitea da.

Lehenik eta behin, Bilbao Metropolitarraren epe luzerako ikuspegiari buruzko Hausnarketa Estrategikoa bultzatzeaz arduratuko da Elkartea, eta, horretarako, elkartutako erakundeen parte-hartzea koordinatuko du.

Bigarrenik, Elkarteak xedearen eta aurreko funtzioen ondoriozko ekintza guztiak egin ahal izango ditu, bere ardurapean uzten direnak, eta, bereziki, Bilbao Metropolitarraren barruko eta kanpoko irudia hobetzea helburu duen guztia.

Hirugarrenik, Elkarteak azterketa- edo ikerketa-proiektuak egin ahal izango ditu, Bilbao Metropolitarraren egoeraren ezagutzan sakontzeko, bai eta, inguruabarrak direla eta, irakaskuntza baliagarriren bat lortzeko aukera ematen duten beste metropoli batzuen ezagutzan sakontzeko ere.

Laugarrenik, Elkarteak sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatuko du, Bilbao Metropolitarrari eragiten dioten elkarren intereseko arazoetan konponbide bateratuak lortzeko. Bereziki, ekimen zehatzetan parte hartu ahal izango du, horien arrakastan lagun dezaketen eragile publiko edo pribatu guztiak sartzea bultzatuz.

Elkarte honen jardueretatik erator daitezkeen onura guztien hartzaileak, nolanahi ere, zehaztu gabeko pertsona-taldeak izango dira, batez ere, Bilboko Metropoli Eremu kontzeptuaren barruan sar daitekeen kolektibitatea eta bere eragin-eremuaren barruan gera daitekeena, eta bere jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora proiektatu ahal izango da.