Gaur gurekin… Juan Mari Aburto

Bilbotik mundura

Bilbao beti egon da etorkizunari begira. Duela 721 urte sortu zenetik, gure hiribildua berrikuntzaren alde agertu da behin eta berriz, berba horren zentzu zabalenean ulertuta. Bilboko Portua modernitatean eta negozioak egiteko modu berri batean sartzeko atea izan zen eta, gainera, herrialde aurreratuenen parean jarri gintuen: hasieran, nabigazioaren eta meatzaritzaren bidez; geroago, industriarekin eta finantza arloko garapenarekin; eta duela hiru hamarkadaz geroztik, garapen integral eta jasangarriko eredu berria abian jarrita. Azken horretan, herritarrak daude giza-jarduera osoaren erdigunean eta, gainera, haren eragileak dira.

Betidanik, Bilbori buruz berba egitean, itsasadarraren ezkerraldea eta eskumaldea izan ditugu aipagai, baina duela urte batzuetatik hona, Bilbao Bizkaia deritzon kontzeptua bost kontinenteetan barrena zabaldu da euskal munduan barneratzeko atea osatzen duelako, Bernardo Atxagak “Euskal Hiria” izenarekin adierazi nahi izan zuen horren erakusle nagusia.

Egia da Covid-19ren pandemiak eragindako itxialdian, hainbat hilabetez, etorkizunari begira genituen itxaropenetako asko zapuztu direla, baina era berean, munduaren historian aurrekaririk ez daukan krisialdi honek erakutsi duenez, gizakiok erronka handiei ekiteko gai izaten gara horretarako asmo garbia azaltzen dugunean, izan ere, oso arin garatu ditugu agente patogeno ezezagun baten aurkako soluzio terapeutiko eraginkorrak.

Eta, modu berean, covid osteko mundua, ezinbestean, bidezkoagoa, jasangarriagoa eta gizatiarragoa izango dela argi utzi du.

Denbora agortzen dabil eta naturak ezin du luzaroan itxaron. Amerikako herri indigenen esaera zahar batek dioen bezala, “Lurra ez dugu gure arbasoengandik jarauntsi. Aitzitik, gure seme-alabengandik hartu dugu maileguan”.

Edonola ere, gaur egun asko gara planeta honetako 7.900 milioi biztanleentzat mundua hobetzeko aukera dagoela uste dugunok. Eta gure etorkizuna bilatzen duten gaitz askoren konponbidea, hain zuzen ere, hirietan dago, munduko biztanleriaren erdia baino gehiagoren ohiko bizilekuan.

Duela urte batzuetatik hona, globalizazioak zein komunikazioaren eta informazioaren teknologia berriek betiko aldatu dute tokiko, eskualdeko, herrialdeko eta nazioarteko esparruen arteko indar-oreka tradizionala; izan ere, gero eta zeharkako izaera handiagoa duten harreman-eredu berriekiko lehia handitzen dabil eta hiriez edo eskualdeez osatutako mundu osoko metropoliek horietan gero eta garrantzia handiagoa hartu dute.

Historian lehenengo aldiz, garapen teknologikoak aldi berean konektatuta egoteko aukera ematen digu. Hala, leku jakin bateko edozein jarduera arrakastatsu berehala zabalduko da mundu osoan barrena. Horrela, hobekuntzak gizaki guztiengana heldu daitezke. Horixe adierazten du “think global, act local” esaerak.

Hiriez edo eskualdeez osatutako metropoliek garapenaren eragile gisa betetzen duten eginkizuna gero eta handiagoa izanik, ezagutzen trukea eta sarean egindako lana maila guztietan bultzatu behar ditugu. Baina, era berean, hiriez edo eskualdeez osatutako metropoliek haien gaitasun juridiko eta arautzailea handitzeko egokitu behar dute. Horrela, mundu osorako garrantzia handiko alderdi askotan aldaketa sustatuko dute, esate baterako: energia-efizientzia, justizia soziala edo klima-aldaketari egokitzea.

Bilbok, hiriez edo eskualdeez osatutako munduko gainerako metropoliekin batera, hirigintzaren eta giza-garapenaren paradigma berria eraikitzeko jardueran buru belarri sartu behar du. Horrek herritarrak prestatzea eta ahalduntzea eskatuko digu, erabakiak hartzeko eta kudeaketa publikoa kontrolatzeko prozesuetan parte hartzeko prest egon daitezen.

Gainera, talentua eta erabakimena edukitzea eskatuko digu, aldatzeko eta egokitzeko gaitasunean izan beharreko konfiantzarekin eta itxaropenarekin batera. Dinamika hori gazteekin batera ezarriko dugu, izan ere, eurak dira planeta hau bizitzeko leku ederra izateari eusteko sortu dezakegun guztiaren benetako hartzaileak, ehunka belaunalditan jazo den bezala.

Horixe da Bilbotik mundu osora zabaltzeko gure erronka eta proposamena, gure gurasoengandik jasotako balioetan oinarritutakoa: elkartasuna, errespetua eta talde-lana. Horien bitartez, gizarte eta herritar modura bereizten gara.

Juan Mari Aburto

Bilboko Alkatea