Gaur gurekin… Carlos Alzaga Sagastasoloa

Bilboren etorkizuna, oraina eta iragana bezala, itsasadarrari estuki lotuta dago. Bilbok eta Bizkaiak historian, hirigintzan, gizartean eta ekonomian izan dituzten protagonismoa eta eragina oso nabariak dira, aldi bakoitzean aldatuz, baina beti hemen.

MUGAK 2023 Arkitektura Bienala urrian eta azaroan egingo da, “Berreraiki, berpiztu, berrasmatu” goiburuaren pean. Hori dela eta, horien kide naizen bi erakundeek, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa eta Bilboko Portuko Agintaritzak, Itsasadarrak gure etorkizunean izan behar duen paperari buruz gizartean landu behar dugun hausnarketa-prozesuan lagundu nahi dute.

Horretarako, ikus-entzunezko bat lantzen ari gara, itsasadarrak historian zehar gure gizartearen eta lurraldearen bilakaeran izan duen funtsezko zeregina ezagutarazteko, eta industria desagertzeak eta portu-jarduerak lekuz aldatzeak utzitako espazio erabilgarriek daukaten potentzialtasuna eta aukera identifikatzeko. Hori guztia jendarte osoarentzat egongo da ikusgai. Gaur egungo irudiak eta 100 urtera arteko antzinatasuna dutenak tartekatuko dira.

Era berean, Itsasadarrari balioa emango zaio, erronka erabakigarriak gainditzeko aukera eman diguten ingeniaritzako mugarri garrantzitsuen protagonista den heinean. Horien artean ondokoak aipatu ditzakegu: bere garaian, sakonera handiagoko itsasontziak sartu ahal izateko nabigagarritasuna hobetzea; munduko lehen metalezko transbordadorea (Bizkaia Zubia) eta lehenengo zubi baskulagarrietako bi eraikitzea (Udaletxeko Zubia eta Deustuko Zubia), bi ertzak lotzeko eta itsasontziak igarotzea ahalbidetzeko; kanpoko portua eta horren ondorengo handitzeak egitea; eta, berrikiago, Saneamendu Integrala, Euskadin gauzatutako ingurumen-proiekturik garrantzitsuena.

Gaur egun, erronka handi ugari ditugu aurrean: klima-aldaketa, aldaketa demografikoak, egoera eta eredu ekonomiko eta sozial berriak ekarriko dituzten paradigma-aldaketak, eta abar. Askoz hobeto joango zaigu, egungo egoeraren ezagutza eta historian zehar zailtasunak nola gainditu diren erakusten duen esperientzia uztartzen baditugu. Eta, batez ere, gure baliabide eta indargune guztiak erabiltzen baditugu. Zentzu horretan, oso interesgarria iruditzen zait gure lurraldean dugun baliabide natural nagusia balioestea: Itsasadarra.

Ez dugu gure etorkizuna amets eta emaitzen espontaneoen esku utzi behar, epe luzera bideratutako ahalegin, konpromiso eta lanaren esku baizik. Bilbok eta Bizkaiak itsasadarrari begiratu diote berriro. Hura babesteaz gain, haren aldeko apustua egin behar dugu aberastasunaren eta aurrerabidearen trakzio-baliabide gisa. Hori guztia, mundu mailan erreferenteak diren erabilera eta jarduera berritzaile eta iraunkorrak txertatuz eta, ondorioz, hartaz eta gu guztiez harro egon gaitezen, gizarte gisa.

Carlos Alzaga Sagastasoloa

Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzaren Elkargoko dekanoa eta Bilboko Portuko Agintaritzaren zuzendaria