Gaur gurekin… Unai Rementeria Maiz

Gogoan daukat Bizkaiko diputatu nagusi modura Boiseko Jaialdira, Estatu Batuetara, lehenengoz joan nintzenekoa. Hegazkinak orduak eman zituen Estatu Batuak zeharkatzen eta barrukoek esaten genuen herrialde horrek, kontinenteak, ezeztatu egiten duela ohiko esakune ezaguna, hegazkinetik denak txiki ematen duela dioen hori. AEB handiak dira zeru goienetik begiratuta ere. Eskalaz ondo ohartzekotan, ezinbestekoa dugu Lurreko hiri edo metropoli handietako batzuen magnitudeak aztertzea: Tokion 40 milioi pertsona bizi dira, Mexiko Hirian 22 milioi, munduan hamar milioi biztanletik gorako berrogeita hamar hiri daude… Bizkaiko metropolian milioi bat baino gehiago.

Zenbakien lilura eta ohiko konparazioak alde batera utzita, azpimarratu nahi nuke metropoliaren kontzeptuaren alderdi orokorra, egungo pandemiak aldatu baitu. Orain arte metropoliaz ari ginenean hiri-esparru batez ari ginen, hiri-multzo batez, elkarri atxikita hirigune handia eratzen duten zenbait herriren baturaz.

Gaur egun kontzeptu hori zabaldu egin da, nolabait. Orain, metropolia zenbait hiri edo udalaz gaindiko zenbait hirigune biltzen dituen etorbide, kale, eraikin eta pertsona multzoa baino zerbait gehiago da, eta aurrerantzean ere hala izango da. Metropolia da pertsonek beren biziproiektua ondo garatu ahal izateko behar-beharrezkoak dituzten elementuak denbora aldetik eskuragarri dauzkaten esparrua.

Nire ustez Bizkaia metropoli horietako bat da. Bizkaiko lurralde osoa metropoli-eremua da: erdigunean Bilbo dago eta hiri-ardatz nagusia Bilbo Handia da, bertan bizi baitira bizkaitarren % 80. Nolanahi ere, Bizkaian naturaguneak ere badaude, bai eta kostaldea, hondartzak, mendiak eta ibaiak ere. Gainera, Bilbo Handiaren ardatzaren inguruan azpiegiturak eta hirigune txikiak daude, eta horiek ere Bizkaiko metropoliaren osagaiak dira.

Metropoli honek gaur egun gizarte aurreratu guztiek lortu nahi dituzten helburu handien erronkei aurre egiteko moduko erakundea behar du, eta guk, erakunde eta zerbitzari publikoek, horretan lagundu behar dugu. Erronka horiek guztiek helburu nagusi bakarra dute: metropolietan bizi diren eta lan egiten duten pertsona guztien bizi-kalitatea eta ongizatea mantentzea eta hobetzea. Pertsona guzti-guztiena, berdintasuna eta errespetua aintzat hartuta, eta arreta berezia ipinita hezkuntzan, osasunean eta bizi-proiektu guztiak garatzeko egokia den esparruan.

Bada, erakunde hori eratuko bada, garrantzi handikoa da gobernantza nolakoa den. Eta gobernantza ez da erakunde baten edo batzuen eskumeneko jardun administratiboa bakarrik, hau da, “auctoritas” ahalaz eta politikak garatu eta kontrolatu behar legalaz baliatuz egiten dena, baizik eta maila anitzeko gobernantza kolaboratiboa.

Erakunde horrek bi alde eduki behar ditu, publikoa eta pribatua, eta gauza izan behar da administrazioekin (beren eskumenak erabiliz) eta entitate pribatuekin batera jarduteko eta komunitate osoaren onurarako diren baterako programak abiarazteko. Erakundea gauza izan behar da dauzkagun erronkei ikuspegi holistikoarekin aurre egiteko eta horretarako eskumenak dauzkaten palankei eragiteko.

Gauzak hobeto azaltzen dira adibide zehatzekin. Eman dezagun metropoli batean mugikortasun jasangarriko programa bat ezarri nahi dela. Erakundeak (publikoak, pribatuak zein mistoak) hainbat baimen eta lizentzia lortu beharko lituzke hainbat eremu eta administraziotan: errepideak, kostak, itsasadarraren eraginpeko eremuko agintaritza, udalak, trafiko agintaritza, portuak, aireportua, ingurumena, lurralde plangintza eta hirigintza…

Gainera, programari ekiteko behar den dirua bildu beharko luke, eta kontuan eduki beharko luke pizgarri publikoak emateko aukera. Azkenik, baina aurrekoak bezain garrantzitsua, ondo prestatutako eta profil egokiko pertsonak beharko lituzke programa zuzentzeko eta garatzeko eta ezarritako helburuak lortzeko.

Erakunde horrek hainbat mailatan eta lankidetzan jardun arren, administrazio eta erakunde bakoitzak bere egitekoak dauzka, jakina, baina, hala ere, aukera ederra izango litzateke leihatila bakar modura jokatzeko eta horrela proiektua orokorrean, eraginkortasunarekin eta 360 graduko ikuspegiarekin gauzatzeko. Metropoli-erakunde horrek ikuspegi orokorra edukiko luke; administrazioek, aldiz, ezin dute.

Horrela, metropoli-erakunde horrek aurre egin ahal izango die, berariaz eta modu orokorrean, gizarte aurreratu guztiek dituzten erronka handiei. Gaur egun, erronka horiek egoera klimatikoak eta digitalizazioak eskatzen dituzten trantsizioak dira. Izan ere, erronka horien ondorioz nahitaez heldu behar zaizkie trantsizio garrantzitsu batzuei, esaterako mugikortasunaren arloan eta energia-iturrietan. Arlo horiek funtsezkoak dira metropoli guztietan, eta Bizkaian ere bai, jakina. Horiek gaur egungo erronkak dira; bihar, beste batzuk sortuko dira.

Metropoli-erakundeek badute ezaugarri bat beren alde erronka horiei aurre egiteko lanean: herritarrengandik hurbil daude. Sarritan subsidiariotasun-printzipioa aipatzen da. Horren arabera, zenbat eta hurbilagokoak, hainbat eta eraginkorragoak eta arrakastatsuagoak dira politikak eta programak.

Horixe da metropoli-esparruen bertute handia: lankidetzan, maila askotan eta ekimen publikoa eta pribatua bilduz jardun dezakete, herritarren kezken berri bertatik bertara dutela, ezinbesteko erronkei aurre egiteko eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Unai Rementeria Maiz

Ahaldun Nagusia

Bizkaiko Foru Aldundia