Gaur gurekin… Jonan Fernández

Jonan Fernández, Secretario General de Transición Social y Agenda 2030 del Gobierno Vasco

2030 Agenda eta metropoli bizigarriagoak eta gizatiarragoak

Konpromisoa eskatzea eta eskaintzea

Joan den martxoaren 30ean, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak antolatutako Metropolis of the future, “STAY HUMAN BE SUSTAINABLE” Nazioarteko Mintegia aukera ezin hobea izan zen gure hiri-lurraldeen etorkizunari buruzko gogoetak eta esperientziak partekatzeko, haien gizatasunaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik. Halaber, ikuspuntuak eta jardunbide egokiak trukatzeko aukera eman zigun Galesko ordezkaritzarekin, Mark Drakeford ministro nagusia buru zuela.

Euskadiren eta Galesen arteko harremana duela zenbait urtetakoa da, baina Galesekiko lankidetza-harremanaren mugarria 2018ko uztailean gertatu zen. Orduan, Cardiffen, bi lurraldeen arteko Elkar Ulertzeko Memorandum bat sinatu genuen, hainbat lankidetza-jarduera egiteko aukera eman diguna.

Memorandumak lankidetza sustatzen du hainbat arlotan, hala nola industrian, berrikuntzan, mugikortasun- eta garraio-azpiegituretan, nekazaritzako elikagaien industrian, klima-aldaketan eta itsas energietan, formakuntzan, gizarte-politiketan eta familia-kontziliazioko politiketan, bai eta fiskalitatean ere. Memorandum hura sinatzean, Galesek bat egin zuen Euskadik garatutako eta munduko nazio eta eskualde liderrek osatutako Aliantza Estrategikoen Sarearekin.

Galesek Euskadi ere kide estrategikotzat jotzen du nazioartekotze-estrategian. Bat gatoz gizarte-politikekiko konpromisoarekin eta Arku Atlantikoan parte hartzearekin.

Lehendakaria aktiboki ari da sustatzen Ardatz Atlantikoaren bultzada. Bere bazkideekin batera, Makroeskualde Atlantikoa osatu nahi du, ikuspegi estrategiko bateratua taxutzeko. Gure indarguneak aprobetxatzea eta sinergiak sortzea gure ahuleziak gainditzeko eta trantsizio ekologiko, teknologiko-digital eta demografikoei aurre egiteko. Testuinguru horretan, ohore bat izan zen gure lagun galestarrekin, metropoli gero eta bizigarriagoak eta gizatiarragoak sustatzeko helburua zuen topaketa garrantzitsua partekatzea.

2030 Agenda eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak dira gure ibilbide-orri komuna. Martxoaren 29an, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) betetze-mailaren jarraipena egiteko borondatezko seigarren txostena bidali genuen Nazio Batuetara. 2018an, Euskadikoa izan zen hura aurkeztu zuen Estaturik gabeko lehen gobernua. 2030 Agendarekiko konpromiso horren hedapena dokumentatzen du, Eusko Jaurlaritzak oro har garatutako 1.700 jarduera esanguratsu baino gehiagoren balantze laburtuaren bidez.

Seigarren txosten honetan, lehenengo aldiz, Euskadiko Hiri Agendaren Jarraipen Txostena txertatu da. Dokumentu horrek lotura zuzena du hilaren 30ean bildu gintuen gaiarekin. Txosten honek Euskadiko Hiri Agenda onartu zenetik egindako aurrerapenak deskribatzen ditu, honako arlo hauetan: gure auzoen berroneratzea, pertsona zaurgarrienentzako enplegu-aukeren bidezko gizarteratzea, biztanleria migratzailearen integrazioa, herritarrek eta erakundeek larrialdi energetikoari eta klimatikoari emandako erantzunak, genero-berdintasuna edo tokiko gobernantza ireki eta parte-hartzailerako aurrerapenak praktikan jartzeko udal-ekintza.

Analisia ezin da soilik tokikoa izan. Bizi garen mundu interdependentean ere globala izan behar du. Ikuspuntu horretatik, gaur egiaztatu dugu zailtasunak areagotu egin direla eta GJHak munduan betetzeko aurreikuspenak okerrera egin duela. 2023an gaude, 2015az geroztik 2030 Agenda proiektatzen duen 15 urteko aldiaren erdian. Nazio Batuek zuzendu beharreko nazioarteko erreakzioa behar da.

Lehendakariak Now, 2030 Proposamena bidali du Nazio Batuetara. Haren helburua 2023an inflexio-puntu global eta lokal gisa eratzea da, GJHak betetzeari dagokionez. Iraileko GJHen goi-bilerak Estatu-buruen goi-bilera bakarrik ez izateko aukera izan behar duela planteatu du.

Beharrezkoa da haren formatua eta ondorioak zabaltzea: 2030 Agendaren ebaluazio zorrotza partekatzea, 2023ra arte; eta 2030era arteko lehentasun exekutiboen panel bat. Konpromisoen definizio bat proposatzen du, luzamendurik ez dagoela onartzeko premisa duena. GJHekiko konpromisoa orain da edo ez da izango. 2030 orain da.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak konpromiso bat eskatzen eta eskaintzen du. “2030era arte geratzen diren urteetan konpromiso irmoko erreakzio globala” eskatzen du. “Tokiko gobernuek, eskualdekoek eta estatuz kanpokoek GJHen lokalizazioan eta 2030 Agendaren baterako gobernantza global hobean parte hartzeko duten zeregina eta konpromisoa” eskaintzen eta aldarrikatzen du.

2030 Agendan aurrera egitea metropoli atseginagoak, bizigarriagoak, gizatiarragoak eta jasangarriagoak lortzeko bidean aurrera egitea da.

Jonan Fernández

Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia