Gaur gurekin… Jon Mancisidor

Etorkizuna(k) sortzeko plaza

EDE FUNDAZIOA hainbat ekimenen bidez hezkuntzaren, komunitatearen, lanaren, kulturaren eta ingurumenaren arloetan gizarte-garapena sustatzen duen erakundea da. Ezagutzaren, zuzeneko esku-hartzearen eta gizarte-ekonomiako eta enplegu inklusiboko proiektuen garapenaren bidez garatzen dugu gure lana.

Hirugarren Sektore Sozialaren erakunde gisa, pertsonen eta komunitateen bizitza hobetuko duten konponbideak eskaintzea da gure asmoa, arreta pertsona eta kolektibo kalteberenen erabateko inklusioan jarriz.

Konponbide horiek, barnean, epe luzerako inpaktu sozialaren ikuspegitik diseinatzen dira, betiere aldaketa inklusiboak eta iraunkorrak sortu behar direla pentsatuz, guztion ongiaren bilaketan gizarte aktibo, kritiko eta erantzunkidea garatzera bideratuak. Eta jakitun izanik gure jarduera beste bat dela inpaktu sozialaren ikuspegi integral horretan, eragile guztien arteko lankidetza (publikoak, sozialak, pribatuak eta komunitarioak) eta mota guztietako aliantzak garatzea gure antolamendu-kulturaren parte da.

Etorkizuna: “Plaza” prozesua

Gure lehen 50 urteak betetzear gaudela, EDE Fundazioan asmo handiko berritze-prozesu batean murgilduta gaude, barrutik eta kanpotik, datozen hamarkadetan gure misioa eta jarduera sendotzeko.

Plaza” izenpean, 2021etik aurrera, elkarlan-prozesu zabala aktibatu dugu Indautxu-Bilbon dugun egoitza eraberritzeko eta 2025etik aurrera hartuko duen proiektu globala berriz diseinatzeko. Bilboko erdigunean erabilgarri dauden 5.000 metro karratuetan, gizarte-lanean eta garapen komunitarioan erreferentziazko ekosistema bat sortuko dugu hiriarentzat eta haren metropoli-eremuarentzat. Bertan, proiektu propioak eta gure antzeko beste erakunde batzuenak batera egongo dira.

Gizarte-arloko erantzun berrien proiektu katalizatzailea da, talde-lanean, berrikuntzan, lankidetzan eta gure lurraldeari inpaktu sozial handia ekartzeko konpromisoan oinarritua.

Proiektu berriko piezak

Hortik dator “Plaza” izena bera, elkargune ireki, erakargarri, bizi eta abegikorra. Eta profil askotako kolektiboen, pertsonen eta gizarte- eta kultura-eragileen erabilpenera bideratuta badago ere, elkarren mendeko zerbitzuen multzo sinergiko eta koherente bat osatuko du. Hauek dira “Plaza” obraren hasierako piezak:

  1. Egoitza sozial berri bat osatuko du, 28 etxebizitzarekin eta erabilera komuneko hainbat gela-eremurekin, 64 plazako gehieneko edukierarekin. Bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko leku bat, ostatu hartutako pertsonen bizi-proiektuak berreskuratzeko aukera emango duena, laguntza integral baten bidez.
  2. Bigarren pieza GURUZU izango da, jatetxe komunitario eta inklusibo baten eredu berria. Osasuntsu jateko lekua, prezio eskuragarrietan eta konpainia onean, aniztasuna beti balio bat izango den gune duin eta seguru bat.
  3. Erdiko patioa, terraza eta eraikinaren gainerako espazio balioaniztunak aprobetxatuz, kultura- eta gizarte-ekitaldien agenda irekia egongo da, eta horrek guztiak kultura- eta komunitate-dinamizaziorako zentro bihurtuko du.
  4. Gizarte-laguntzako eta esku-hartzeko prozesuak (banakakoak zein kolektiboak) garatzeko espazioak egongo dira,talde profesionalek eta ingurune komunitarioaren konplizitateak bultzatuta, gizarteratze osoa ahalbidetzeko.
  5. Bilbo inguruari erabilera anitzeko gela eta espazio ugari eskainiko zaizkio, era guztietako topaketa-, prestakuntza-, lan- eta jardunaldi edo jarduerak egiteko.
  6. Era berean, lokal batzuk gorde ditugu, kalean bertan eta sarbide independentearekin, gizarte-aldaketarekin eta herritarrei irekitako proposamenekin konprometitutako beste proiektu edo erakunde batzuen egoitza gisa erabiltzeko.
  7. Azkenik, eraikinak gure lantalde profesionalaren zati bat hartzen jarraituko du, hainbat lan-eremutan, eta 140 lanpostu izango ditu guztira. Aurreko kasuan bezala, ehuneko bat beste erakunde batzuekin partekatutako erabilerarako gordetzen da, sinergiak eta lankidetza-berrikuntzarako gaitasun handiagoa bultzatzeko.

Metropolirako “Plaza” berria

Azken batean, EDE FUNDAZIOAn eredu berri baterantz goaz, garena, egiten dugun guztia eta lortu nahi duguna kontzentratzeko aukera emango digun eredu berri baterantz, eremu sozialean bost hamarkadako esperientzia eta konpromisoko gure ibilbidea eta ikaskuntzak balioan jarriz. Plazak gure iragana, oraina eta etorkizuna batzen ditu, gizarte-eragile gisa.

Eta, beti bezala, Bilbo eta haren metropoli-eremua kohesionatuagoa, inklusiboagoa, berdintasunezkoagoa, bizigarriagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko prozesuan egiten dugun inpaktu-ekarpena erreferentziatzat hartzen jarraitzen dugu. Gure metropoliak gaur egun aurrez aurre dituen erronkekin zerikusi handia duen urratsa da: komunitarioa dena indartzea, berdintasuna eta gizarte-kohesioa, ongizatea elkarrekin sortzea, gobernantza partekatuko ereduen saiakuntza, hirigintza jasangarriagoa eta gizarte-harremanen aldekoa…

Gure ikuspegia eta jarduteko gaitasuna sendotu, hobetu eta zabaldu nahi duen anbizio handiko urratsa, noski, gure Metropoliko gainerako eragileekin lankidetzan.

 

Jon Mancisidor Solaberrieta

EDE FUNDAZIOAren Presidentea