Gaur gurekin… Elixabete Etxanobe

Uste dut blog hau aukera ona dela geure eredu instituzionala gertutik ezagutzeko, eta, zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko bitarteko tokiko gobernu gisa duen eginkizuna ezagutzeko.

Bizkaiko herritar guztien egunerokoan eragin zuzena duten eskumenen katalogo zabala garatzen du Foru Aldundiak. Pertsonen zaintza; adinekoak, haurrak edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenak, errepideak eta autobideak, garraio publikoa, hirigintza, ingurumenaren zaintza, hondakinen kudeaketa, nekazaritza. Baina horien guztien gainean, eskumenik garrantzitsuena fiskalitatea da, beste tokiko gobernuetatik bereizten gaituena, alegia.

Eskumen hori Bizkaiko herritarren eta enpresen zergak finkatzeko eta biltzeko erantzukizunean adierazten da. Zerga horiekin, Foru Aldundiak gurea baino goragoko eremuko gobernuak finantzatzen ditu: Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.
Munduan ez dago guk egiten dugun hori egiten duen erakunderik, hots, gobernu autonomikoa eta Estatuarena finantzatzen dituen tokiko erakunderik. Era berean, fiskalitatea norabide jakin batean aurrera egiteko erabiltzen dugu, eta Bizkaiko enpresei pizgarriak ematen dizkiegu I+G+B proiektuak garatzeko, langileei kalitatezko kontratuak egiteko edota jarduera ekonomikoa Euskal Herrian, geure lurraldean, errotzeko.

Azken batean honako hau egiten dugu: garapen ekonomikoa bultzatzea, jarduera sortzea eta, beraz, kalitatezko enplegua sortzea eta zerga-bilketa handitzea sustatzen duten erabakiak erraztea, zerbitzu publikoak hobetzeko.

Esan dudan bezala, zergekin gainerako erakundeak finantzatzen ditugu, udalak barne, eta, noski, baita geure eskumenak ere. Eskumen horiek helburu zehatz batekin garatzen ditugu beti: Bizkaia ondo kohesionatutako lurraldea izatea. Desberdintasunik ez egotea eta Bizkaiko pertsona guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, zerbitzu berberak eskura izatea.

Lurralde txikia gara hedadura eta biztanleria aldetik. Baina hori ahulezia izatetik urrun, gure indar handi bihurtu dugu, herritarrarengandik hurbil egoteko, beren kezkak eta beharrak ezagutzeko eta horiek guztiak aintzat hartuta lan egiteko aukera ematen digulako. Gobernu handiek zabal dezaketena baino azkarrago eta eraginkorrago jardutea. Hori da gure aukerarik onena egungo ekonomia-, gizarte- edo ingurumen-erronkei aurre egiteko. Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Gure enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko eta horrek kalitatezko jarduera eta enplegua sortzeko.

Tokian tokiko begirada izatea, gure gaitasunak modu ezin garbiagoan aplikatzeko. Non eta noiz behar den. Gainera, enpresa pribatuarekin, ikerketa-zentroekin edo unibertsitateekin lankidetza-dinamika arrakastatsuak ezartzeko aukera ematen digu. Lankidetza publiko-pribatua Bizkaian proiektu eraldatzaileak bultzatzeko, osatu behar ditugun lau trantsizioetan aurrera eginez hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uzteko.

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko sistema soziosanitarioaren trantsizioa. Trantsizio energetikoa, industria eta garraioa deskarbonizatzeko ez ezik, Bizkaiko ekonomian pisu handia duten sektore horretako enpresei laguntzeko ere bada. Mugikortasunaren trantsizioa, joan-etorri iraunkorragoak egiteko. Eta trantsizio digitala, maila globaleko beste erronka handietako bat. Produkzio-sarea, tokiko merkataritza eta administrazioak modernizatu eta digitalizatu nahi ditugu.

Gobernuok ere berritu egin behar dugu, gure prozesuak eta herritarrenganako arreta hobetzeko. Horregatik jarri dugu abian Bizkaia GovTech, gobernantzarako teknologien Europako lehen hub-a. Bertan startup teknologikoekin, ikerketa-zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan aritzen gara, administrazio publikoen erronkei irtenbide berriak aplikatzeko. Gainera, Bizkaia GovTech BAT nazioarteko ekintzailetza-zentroan kokatuta dago. Aldundiak bultzatzen du zentro hori, Bizkaira talentu berritzailea erakartzeko eta berrikuntza- eta garapen-proiektuak bizkortzeko.

Lehen esan dut herritarren beharretatik oso gertu gaudela. Hala eta guztiz ere, badakit, halaber, herritarrengandik hurbilen daudenak udalak direla. Horregatik, funtsezkoa da udalekin lankidetza estuan aritzea. Bizkaiko Foru Aldundiak haiekin lan egiten du, gertu egonik eta entzunez, haien eskaerei erantzunez, eta, are garrantzitsuagoa dena, finantzaketa-sistema propio batez hornituz. Sistema horren bidez, Estatu osoan hobekien finantzatuta daudenak izatearekin batera, bere gain hartzen duten edozein eskumen berrirentzat beharrezkoa den finantzaketa bermatzen da.

Laburbilduz, tokian tokiko erakundeok gaitasuna dugu proiektu eraldatzaileak diseinatu, finantzatu eta hedatzeko. Pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzen duten proiektuak, alegia. Eta gaitasun hori ahal bezain beste aprobetxatu behar dugu, pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko helburu saihestezina lortzeko eta Bizkaia guztiei aukera berberak eskainiko dizkien gizarte kohesionatu bihurtzeko.

Eskerrik asko Bilbao Metropoli-30 ekimen honengatik.

Elixabete Etxanobe
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Foru Diputatua