Gaur gurekin… Peio Belausteguigoitia

BBVAk, Bilbao Metropoli-30ren bazkide sortzaile gisa, -duela 30 urte baino gehiago- elkartea eratu zenean zehaztutako helburuarekin bat egiten du: Bilboren inguruko hausnarketa eta plangintza estrategikoa bultzatzea. Ezinbesteko helburua da gure hiria berrikuntzaren eta gizarte nahiz ekonomia arloko garapenaren abangoardian edukitzeko.

1857an, gure hirian zabaldutako merkataritza eta finantza arloko espirituari ohore eginez, garai bateko Banco Bilbao sortu zenean, imajinaezina zen 165 urte geroago banku hura gaur egun bilakatu dena izatera heldu zitekeela: nazioarteko finantza-erakunde nagusietakoa izateaz gain, 82 milioi bezero inguru eta 110.000 langile baino gehiago dauzka, 25 herrialde baino gehiagotan kokatuta egotearekin batera.

Orduz geroztik, gure hiriari oso lotuta egon gara. Elkarrenganako lotura sendoak izan ditugu beti eta elkarrekin ibili gara ordutik. BBVAk, sortu zenetik, mundu osoan zehar eraman du Bilboren izena. Harro-harro. Gaur egun, ezin ditugu Bankuaren izaera, historia, nazioarteko proiekzioa, berritzeko gogoa eta bere balioak azaldu Bilbo bera eta gure hiriak hain sendo errotuta dituen balioak aipatu barik. Beraz, BBVAn eta Bilbon, hiriaren eta enpresa pribatuaren arteko elkarlanaren eta elkar ulertzearen adibide garbia dugu.

Eta, ildo horretan, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko horrelako lankidetzak gizarteen garapenean duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Horien heldutasunak zerikusi handia du buruzagiek, ordezkariek eta eragile ekonomiko eta sozialek –besteak beste, enpresa pribatuek– lankidetzarako akordioak lortzeko eta sinergiak bilatzeko duten gaitasunarekin, epe laburreko jarrera indibidualistetan oinarritu ordez, garapen ekonomiko eta sozialean eta herritar guztien ongizatearen hobekuntzan laguntzeko. Erronka handia dugu aurrean, eta, asmo horretan, Bilbao Metropoli-30 bezalako elkarteak egunez egun lanean dabiltza, helmen estrategikoa duten epe luzeko plangintza, azterketa eta sustapenerako proiektuen bidez.

Izan ere, lankidetzarako egiturak bilatuta, gizartearen eskura, garaiz eta taxuz, kalitatezko konponbide bateratuak bideratzeko modua ikusi dezakegu. Duela gutxi ikusi dugu, COVID-19k eragindako krisia dela eta. Osasun, zientzia edo finantza arloetan, besteak beste, arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetzak herritarren beharrizanei erantzun bizkorrak emateko aukera eskaini du. ICO maileguen kudeaketa formula horien arrakastaren adibide garbia izan da, horien bitartez, ziurgabetasun handiko sasoi batean, finantza arloko irtenbideak familien eta enpresen eskura inoiz baino arinago jarri ahal izan zirelako.

Orain, lankidetza-ildo hori bultzatzen jarraitzeko beste aukera handi bat daukagu: NGEU funtsak. Aukera paregabe hau epe luzeko proiektu jasangarri eta berritzaileak bultzatzeko aprobetxatu behar dugu.

Tokian tokiko eremuan ere horrelako aliantzak bilatu behar ditugu eta, berrikuntzaren eta lankidetzaren ildo horretan, hain zuzen ere, joan den urtarrilean proiektu berri bat iragarri genuen Bilbon, gure hiria arlo teknologikoan bultzatzeko, baina baita kultura eta gizarte arloan ere. Hala, bi lantoki ireki ziren, bi urtean 200 enplegu sortzeko. Proiektu hori, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako akordio bati esker lortu da eta Bilboko Udalaren erabateko babesa dauka.

Teknologia-gune berri horiek profil tekniko handiko talentua erakartzen eta atxikitzen lagunduko dute (matematikariak, ingeniariak, etab.), Bilbon teknologia eta berrikuntza bultzatzeaz gain, industria-sektorearen digitalizazioari laguntza emanda. Azken batean, lankidetza arrakastatsuaren adibidea osatzen du eta oso pozik gaude berarekin. Gainera, kulturaren eremura ere hedatzen da. BBVAk bilbotarren eskura jarriko ditu bere kultura-funtsak -horietako batzuk soilik euskal arteari buruzkoak dira-. Helburu horrekin, batzen gaituen harreman historikoaren hainbat erakusketa egongo dira.

Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzak erronka izateari utzi behar diolako uste sendoa dugu. Hala, arlo ekonomiko, sozial eta kulturalean gizartea etengabe hobetzen lagunduko duten ardatzetako bat izan behar du. BBVAren asmoa ekimen guztiak babestea eta horietatik gertu egotea da, horien bitartez, hesiak hausteko, etorkizunari begira jartzeko eta aro berri honetan aukerak sortzearen alde egiteko. Izan ere, gure historiaren eta gizarte honekin dugun konpromisoaren baitan dago.

Peio Belausteguigoitia

Country Manager BBVA España