Hezkuntza, Prestakuntza eta Enplegua

Hezkuntza-sistemaren muina gizarteko balioak dira, eta azpisistema guzti-guztietan ba­liatu behar dira, hartara balio horiek ezarri ahal izateko.

Espezializazio absolutuaren aurrean, gaur egun, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da oi­narrizko enbor parte­katu bat definitzea, malgutasunez etorki­zuneko aldaketetara egokitu ahal izango dena. Dena horren azkar aldatzen denean, asko mugitu behar da lehiakor izanik toki berean gelditu ahal izateko. Horregatik, oinarrizko printzipioak ongi ezagutzea eta printzipio horiek sor­menaren bidez eta modu produkti­boan egokitzeko gaitasuna eta ja­rrera lagungarriago dira une jakin batean gai espezializatuak mendera­tzea baino, nahiz eta gai horiek garrantzitsu eta premiazkoak direla eman, eta nahiz eta une jakin horre­tan hala izan.

Etorkizuneko aukeren eta ekono­miako lidergoaren mundua trebakun­tza sakoneko pertsonen mende egongo da; ikuspegi orokorra izan beharko dute, arazo konplexuak ulertzeko gai izan, eta beti egon beharko dute gauza berriak ikasteko prest.

Hots, “ezagutzaren langile berriak” treba­tzen lagundu behar dugu, ikasketa-ziklo bat osatu dezaten, etapa hauek gaindituz: oinarrizko trebetasunak eta balioen hezkuntza, ikasten ikastea, ezagu­tza sortzen ikastea eta ikasteari ez uzten ikastea.

Enpleguari dagokionez, funtsezko elementu bat da, eta gizarte-orekaren eta ekonomia-egituraren ardatza. Kalitatezko enplegua sortu eta finkatzeak zeharkako helburu izan behar du, eta funtsezkoak diren gainerako aldagaien inguruko hausnarketa eta ekintza-ildo guztietan txertatu eta aintzat hartu behar da.

Ez dezagun ahaztu kalitatezko enpleguak balio erantsi handiko jarduera ekonomikoek sortzen dituz­tela eta jarduera horiengatik sortzen direla. Eta, nola ez, jarduera horietan sartzen diren profesionalek maximi­zatu behar dute balio-sorrera hori, eta, horretarako, beren gaitasunak, trebetasunak eta konpromisoa baliatu behar dituzte.

Epe laburrera, ezinbestekoa da gure populazio langabetua (eta la­nean diharduena ere bai) nolakoa den ongi ezagutu eta aztertzea, halaxe ulertuko baitugu zein eremu­tan jardun ahal izango lukeen errazen, edo zein hutsune bete beharko lituzkeen enplegagarrita­suna hobetzeko.

Zentzuzkoa den moduan, profesional finkatuen kolektiboek beraiek diseinatu, zuzendu eta gidatu behar dituzte integrazio-programa berriak, hots, profesional berri horiek sistema produktiboan txertatuko dituz­ten programak.

Gure pertsona profesionalek balioa sortzeko duten gaitasunean eragin handia duten kultur parametroak daude. Ez ditugu ahaztu behar: ahaleginerako gaitasuna, konpro­misoa, inplikazioa, etika… Halako balioak dituzten profesionalak sortzen ahalegindu behar dugu. Letra larriz idazten den Profesionaltasunaz hitz egin dezagun.