Demografia, berdintasuna eta gizarte-kohesioa

Gure lurraldean, populazioa beherakada nabarmena nozitzen ari da. Gutxiago izango gara, eta zaharragoak.

Datu hori funtsezkoa da eraiki nahi dugun gizartearen estrategia defini­tzerakoan. Izan ere, horixe dugu abiapuntua: populazio aktiboa ez da nahikoa izango Hirugarren Adi­nak izango dituen behar sozial gero eta handiagoei eusteko.

2015eko otsaileko datuen arabera, Euskadiko populazioaren zahartzea historiako punturik gorenera iritsi da; urteetan zehar pertsona nagusienak asko ugaritu dira, gazteen kaltetan. Euskadin, izan ere, 16 urtetik beherako 100 pertsona bakoitzeko, 64 urtetik gorako 140 pertsona daude dagoe­neko. Hots, zahartze-tasa %140koa da. Aipatzekoa da tasa hori bost aldiz handitu dela azken lau hamarkade­tan. Hona hemen datu adierazgarri bat: 1975ean, zahartze-tasa %28koa zen, hots, 16 urtetik beherako 100 per­tsonako, 65 urtetik gorako 28 zeuden. Inflexio-puntua 1996an izan zen. Urte hartan, Euskadi gizarte “gaztea” izatetik, “zahartua” izatera igaro zen: hirugarren adinak pisu handiagoa hartu zuen. Medikun­tzako aurre-rapenei esker, bizi-itxaropena luzatu egin da, eta jaiotze-tasak asko jaitsi dira; horiexek dira bilakaera horren zergatiak.

Joera horren eraginez gerta litez­keen aldaketa demografikoek den­bora nahiko luzea beharko dute, eta, beraz, etorkinen populazioa eraka­rrita, egoera orekatu ahal izango litza­teke. Prest al gaude, alderdi sozial eta ekonomikotik, nahikoa etorkin erakartzeko, gure gaur egungo beharrak eta etorkizunekoak kon­tuan hartuta, eta haiei ere gaine­rako pertsonen aukera berberak eskaintzeko prest al gaude?

Bilbao Metropolitarrean aukera-berdintasuna bermatzeko, bereziki garrantzitsua da –etorkizunera begira izan ditzakeen ondorioengatik– haurtzaroko pobreziaren tasa murriz­tea; izan ere, 2008-2014 bitartean %7,3tik %11,2ra igo zen.

Bazterketa-arriskuan dauden adin txikikoei ematen zaien babesak jarrai­pena izan behar du ondorengo etapetan, haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan behar bezala ariko direla bermatu ahal izateko.

Haurren aukera-berdintasuna bul­tzatzeko ekimen horiek guztiak erabat lagungarri dira pobrezia-egoerak kro­niko bihur ez daitezen, eta populazioko sektore jakin batzuek etengabe gizarte-laguntzen mende-kotasuna izan ez dezaten.

Bilbao Metropolitarreko giza kapitalaren onura erabat baliatzeko, gainera, emakumea lan-merkatura berdintasunez txertatzeko prozesuan azkarrago egin behar da aurrera. Gizon eta emakumeen trebakuntza-maila geroz eta gehiago parekatzen ari den arren, emakumeen jarduera-maila baxuagoa da oraindik gizonezkoena baino. Emakumezkoen jarduera-tasa baxuago hori ez dator bakarrik langabezia-maila altuetatik, baizik eta kultur aldagaietatik, etxeko lanak banatzeko moduagatik eta mendekotasuna duten pertsonak zaindu beharragatik.